2009/03/27

Ehunka lagun Botika Zaharrean Bizkaiko eskola publikoen topaketa jaialdian

Martxoaren 18an, asteazkena, arratsaldeko 17:30etatik aurrera giro paregabeaz gozatu izan zuten “Bizi Euskal Eskola” lelopean antolatutako jaira hurbildu zirenak. Sortzen Ikasbatuaz elkarteak, Deustuko Ikastolaren laguntzarekin, antolatu zuen Bizkaiko eskola publikoen II. topaketa jaialdia eta maiatzak 24an, Iruñeako Takonera parkean eskola publiko berriaren jaiaren testuinguruan kokatu dute ekimena.



Deustuko Ikastolako trikitrilarien kalejira ostean, bertsolariek hasiera eman zioten jaiari. Ondoren, Santutxuko Karmelo, Ermua, Basauri eta Deustuko ikastoletako ikasleek dantza eta antzerki ikuskizuna eskaini zuten eta amaitzeko TZ taldearen kontzertua izan zen. Gainera arratsalde osoan zehar aurpegi margoketa, material salmenta, txozna eta kale animazioa egon zen.

Jaia posible egin duten ikastetxe guztiei, bereziki Deustuko Ikastolari eta Deustuko Jai Batzordeari eskerrik beroena adierazi zieten Sortzen Ikasbatuazekoek, “lan txukuna egin dutelako”. Era berean, eskola publiko euskaldunaren eredua aldarrikatu nahi zuten bertan. “Eskola publiko euskalduna aldarrikatzen dugu. Euskaraz bizi, kultura euskalduna bultzatu eta pedagogia berritzailea duen eskola parte hartzaile eta parekidea nahi dugu”, azpimarratu zuen Aitziber Martínez de Lagos, Sortzen Ikasbatuazeko koodinatzaile orokorrak.

Bestaldetik, Nafarroa eta Euskal Autonomi Erkidegoko eskola publikoen antolaketan dagoen administrazio zatiketa gainditzeko premia adierazi dute. Baita Lapurdi, Baxenafarroa eta Zuberoako eskola publikoena ere. “Hezkuntza Sistema Propioa behar dugu Euskal Herri osoan, gaurko eskola publikoaren antolaketa askieza delako eta oztopo bihurtu delako”.