Gure elkartea hobeto ezagutzeko gaur egun zer egiten dugun eta nola antolatuta gauden erakutsi nahi dizuegu.
Lehenengo historia apur bat: guraso elkartea 1986an sortu zen, duela 23 urte. Denbora luzea igaro da, eta egun ditugun helburu eta ardurak dira:
- Gure seme-alaben heziketarako aukerarik onenak ahalbidetzea.
- Gurasoen parte-hartzea ziurtatzea erabakiguneetan.
- Ikastolan denen arteko elkarlana bultzatzea.
- Hezkuntza proiektuaren jarraipena egitea.
- Eskola komunitatearen interesak defendatzea.
- Ikastolako zuzendaritza taldearekin batera Sortzen-Ikasbatuaz elkartean parte hartzea
- Guraso eta ikasleen onerako ekintza osagarrien antolaketa.
Hona hemen labur-labur zerbitzu eta jarduerak:
Jantokia: guraso elkarteak kudeatzen du. Bazkarin enpresa dauka kontratatuta, eta hark dauka bazkari eta monitoreen ardura.
Haurtzaindegia: guraso elkarteak kudeatzen du Bazkarin enpresarekin hau ere.
Laguntza medikua: guraso elkarteak Mutua General de Seguros aseguru etxea kontratatuta dauka ikastolan gerta daitezkeen istripuei erantzuna emateko, ikastolako gidan azaltzen den moduan.
Ekintza osagarrietarako finantzabidea: eskola ordutegian baina ikastolatik kanpo egiten diren jardueretarako dirua guraso elkartearen urteko kuotatik ordaintzen dira, aparteko dirurik eskatu gabe.
Eskolaz kanpokoak: kiroletakoak eta kultur arlokoak.
- Saskibaloia
- Atletismoa
- Karatea
- Kirolanitza
- Igeriketa
- Mendi taldea
- Aerobica
- Margogintza
- Antzezpena
- Euskal dantzak
- Bertsolaritza
- Musika
- Euskal musika tresnak
Ekitaldi ludiko-kulturalak:
- Umeentzako ikuskizunak: pailazoak, magoak…
- Musika emanaldiak
- Mendi martxa
- Ikasturte amaierako jaia
- Agate Deuna
- ...
Psikologoa: irakasleen eskaerari erantzuteko kontratatutako zerbitzua. Bere lana, batez ere, irakasleei aholkularitza eskaintzea da, baita hala eskatzen duten gurasoei, gurasoei orientazio hitzaldiak ematea. Kasu batzuetan, umeak ere tratatzen ditu zuzenean.
2 urteko geletako laguntzailea: guraso elkarteko urteko kuotatik ordaintzen da aparteko dirurik eskatu gabe 2 urteko geletan egun osoan laguntzaile dagoen pertsona baten urte osoko soldata.
Guraso eskola: psikologo batek egiten du, eta gurasoei zuzenduta dago. Hilean behin egiten dira eta gai desberdinak jorratzen dira.
Hitzaldiak: gurasoei zuzenduta daude, eta izan daitezke psikologoarenak, adituren batenak…
Materiala: umeek behar dituzten materialak erosten ditugu, gurasoei ardura bat kentzeko eta salneurri egokienak edukitzeko.
Hau guztia aurrera eramateko guraso elkarteak bere antolamendua dauka. Batzar nagusian elkarteko kide guztiek hartzen dugu parte; bertan informazioa eman eta jaso, aurrekontuak onartu, proposamenak aurkeztu eta eztabaidatu, interes handiko gaiak landu, hau da, elkartearen funtzionamendurako oinarriak ezartzen dira. Eguneroko lana antolatu eta egiteko zuzendaritza batzordea dago; bertan borondatez parte hartzen duten hainbeste guraso daude, lehendakaria, diru-zaina eta idazkaria barne.
Gainera batzorde hauek funtzionatzen dute:
Euskara eta Sortzen-Ikasbatuaz batzordea: euskararen inguruko ekimenak bultzatu eta sustatzeko. Irakasleekin batera egiten da lan, eta Berbaizurekin ekimen batzuetan parte hartzen dugu. Adibide batzuk dira: “Euskaraz mintzo” proiektua, korrika txikia, blog ikastaroa, berbalaguna...
Kultura batzordea: kultur arloko ekintza eta ekitaldiak kudeatu eta antolatzen ditu.
Kirol batzordea: kirol arloko ekintzak kudeatzeko.
Jantoki eta haurtzaindegi batzordea: haiekin zerikusia duen guztia kudeatzeko.
Komunikazio batzordea: elkartea eta familia, irakasle eta kanpoko instituzioekin komunikazioa bultzatu eta bideratzeko.
Batzorde pedagogikoa: hezkuntza jardueraren jarraipena egiteko.
Guraso eskola: gurasoei zuzendutako hitzaldiak antolatzen ditu.
Deustuko barrutia: Deustuko barrutian udaleko batzordeetan parte hartzeko.
Badaude ere hainbeste ekintzez arduratzen diren pertsona eta taldeak, besteak beste, musikakoak, bertsolaritza, aldizkaria, kiroletako talde bakoitzaren arduradunak, eskola kontseilukoak, hainbat ekimenetan bolondres lan egiten dutenak...
Ikasturtean honetan talde berriak antolatu ditzakegu, zuen eskaera eta laguntzaren arabera.
Gurekin kontaktuan jartzeko sarreran daukagun buzoia erabili dezakezue, idazkaria@deustukoikastola.org -era posta elektronikoa bidali, edo patioan gurekin zuzenean hitz egin.
0 iruzkin:
Publicar un comentario en la entrada